Proiektu erreal onenari saria

Kaixo Mundua lehiaketan sortzen diren webguneak proiektu errealen ingurukoak izan daitezen bultzatzeko, proiektu errealik onenari saria sortu da.

1. Zer da proiektu erreal bat?

Proiektu errealtzat hartzen dira behar erreal bati erantzuteko sortutako webguneak. Adibidez:

  • – Herriko merkatari baten webgunea
    – Elkarte edo kultur talde baten webgunea
    – Norbanako baten (kirolari, artista, artisau…) jarduera digitalizatzen duen webgunea
    – Herriko ekimen edo proiektu sozial baten webgunea
    – Ikastetxeko proiektu baten webgunea
    – Proiektu pertsonalak
    – …

2. Zergatik dira garrantzitsuak proiektu errealak?

  • – Ikasleek behar errealei erantzuten diete, benetako erronka bat da
    – Teknologia ikasgelatik haratago aplikatu eta honek gizartean duen eragin positiboa ezagutzen dute ikasleek
    – Komunitateari, izan elkarteak, merkatariak edota gizartearen onurarako proiektuak, ekarpena egiten dio
    – Egindako lana ez da galtzen: proiektu errealen inguruko webgune asko berritzen dira

3. Webgunearen onuradunaren eta ikasleen arteko lankidetza

Proiektu erreala dela definitzerakoan, webgunearen onuradunak webguneari emango dion erabilera aintzat hartuko da eta baita webgunea egiterakoan onuradunaren baimena eta haren inplikazioa zenbaterainokoa izan den ere. Zuzenean baztertuko da eta bertan behera utziko da webgunea ikasleek onuradunaren baimenik gabe egin badute eta proiektua ebaluatzerakoan, kontuan edukiko da ere webgunearekin etorkizunean lanean jarraitzeko asmoa.

4. Parte-hartzea

  • – Parte-hartzaile guztiek webgunea lehiaketara entregatzerakoan adierazi beharko dute euren proiektua erreala den ala ez, eta zein beharri erantzuten dion. Hau ikaslearen profilean adierazi beharko da “deskribapena” laukitxoan dagokion azalpena idatziz.
    – Proiektu errealen saria kategoria orokorretatik aparteko sari berezia da. Horrela, proiektu erreala izateak ez du erabateko eraginik izango ohiko ebaluazio sisteman, baina berezko balorazioa izango du. Hori ebaluatzeko irizpide batzuk zehaztu dira.
    – Proiektu erreal bakarra sarituko da, aurkeztu diren proiektu guztien artean aukeratua.

5. Ebaluazio-irizpideak

Proiektu erreal onena hautatzeko bost irizpide nagusi hartuko dira kontuan:

  • – Proiektuaren inpaktua
    – Proiektuaren argitasuna eta sinesgarritasuna
    – Webgunearen onuradunaren eta ikasleen arteko lankidetza
    – Proiekzioa eta webgunea mantentzeko konpromisoa
    – Webgunearen onuradunarentzat erabilgarritasuna

6. Saria

Proiektu erreal bakarra sarituko da eta saria taldeko ikasle bakoitzarentzat izango da. Saridunek XIAOMI Redmi Watch 5 erloju adimenduna eta PUNTUEUSen opari sorta eskuratuko dituzte.