Oinarriak

2024-2025 ikasturteko lehiaketaren oinarriak irakurri eta parte hartu.

1. Helburua

Kaixomundua.eus lehiaketaren helburua da webguneak sortzen ikasiz, gaitasun digitalen ezagutza sustatzea eskola-komunitatean. Lehiaketak, gainera, eduki digitalak euskaraz sortzea ere sustatu nahi du.
Ekimenaren xedea da ikasleek webgune erreal bat sortzea praktikan oinarritutako lan motibatzaile baten bidez, aukera izan dezaten kontsumitzaile digital izatetik sortzaile digital izatera pasatzeko. Bestalde, trebakuntza teknologikoa behar duten irakasleen prestakuntza ere indartuko da webgunean bideo-trebakuntza bidez.

2. Gaia

Webgunearen gaia librea da. Ikasleek edo irakasleak proposa dezakete gaia.

3. Proiektu motak

Lehiaketara aurkeztutako proiektuak lehiaketarako berariaz sortutako webgune berriak izango dira.

4. Edukia

– Lehiaketara aurkezten diren webgune guztietako edukia (testua, irudiak, animazioak, musika eta audioa) ikasleek sortua izan behar da, edo, beste norbaitena erreproduzituz gero, egilearen baimena izan behar du, eta iturria aipatu.
– Webguneko eduki publikoa bakarrik ebaluatuko da.
– Sortzen den webguneak Creative Commons lizentzia (lizentzia librea) izan behar du, eta aukeratutako Creative Commons logotipoa erakutsi.
– Webgunearen edukiak euskaraz egon behar du. Webgunearen zuzentasun ortografiko eta sintaktikoari ere balioa emango zaio.
– Sortutako webgunearen orri nagusian, kaixomundua.eus lehiaketaren logotipoa eta haren webgunerako estekak (http://www.kaixomundua.eus) agertu behar dute, bai eta erregistratzailearen logotipoa eta haren webgunerako esteka ere (http://www.dinahosting.com).
– Ez da onartuko gorrotoa, indarkeria edo diskriminazioa bultzatzen duen edukirik, ez eta indarrean den legedia hausten duenik ere.
– Doako baliabide lagungarriak daude kaixomundua.eus webguneko baliabideen atalean.

Webguneak ez baditu betetzen lehiaketaren arauak, antolatzaileek deskalifikatu egin dezakete, eta lehiaketatik kanpo utzi, eta/edo ostatatze-zerbitzua eten eta zerbitzu hori erabiltzen ari den lehiaketako taldea kanporatu.

5. Ezaugarri teknikoak

Kaixomundua.eus lehiaketan parte hartzen duen erregistratzaileak zerbitzu hauek eskainiko dizkie urtebetez doan erabiltzaileei gutxienez proiektu bakoitzarentzat:

  • – .EUS domeinu-izen bat
    – 5 GB-ko web-ostatatzea
    – 50 GB-ko hileko transferentzia
    – PHP5
    – MySQL datu-base bat
    – DNS zerbitzaria
    – DNSaren kudeaketa
    – Posta elektronikoko 3 kontu, 100 MB-koa bakoitza
    – FTP zerbitzari batean sartzeko kontu bat

Webguneak .EUS domeinua erakutsi behar du nabigatzailean, baina ez du egon behar nahitaez ostatatua erregistratzaileak horretarako prestatutako espazioan. Edozein aukera egiten dela ere, erregistratzailearen logotipoak agertu behar du beti webgunean.

6. Lehiaketan izena ematea

Lehiaketan izena emateko epea irailaren 16an hasiko da eta ez da mugatuko, ikastetxeren batek lehiaketara aurkeztu nahi ezean, kaixoundua proiektuaren baliabideak erabiltzeko aukera izan dezan.

Lehiaketaren izen-ematea helbide honetan egin behar du talde bakoitzak. Horretarako honako informazioa bete beharko da:

  • – Ikastetxearen izena
    – Ikastetxearen herria
    – Maila
    – Irakaslearen izen-abizenak
    – Irakaslearen helbide elektronikoa
    – Harremanetarako helbide elektronikoa
    – Taldekideak

Behin lehiaketan izena emanda, parte-hartzaileek posta elektronikoz jasoko dituzte domeinua erregistratzeko jarraibideak.

7. Lanak aurkeztea

Lehiaketan izena eman duten taldeek, martxoaren 14ko 23:59ak arte izango dute beraien lanak aurkezteko.

Lanak aurkeztea kaixomundua.eus/sartu helbidean egin behar du talde bakoitzak, horretarako sortu duen erabiltzailea erabiliz. Honako informazioa bete beharko da:

  • – Web gunearen domeinu-izena
    – Ikastetxearen izena
    – Taldekideen izenak
    – Proiektuaren deskribapen laburra

Une horretatik aurrera, epaimahaiaren esku geldituko dira webguneak.

8. Ebazpena eta sari-banaketa

Ikasturte amaieran egingo da sari-banaketa jardunaldia eta bertan, talde finalistek beren proiektuak aurkeztuko dituzte eta irabazleak jakinaraziko dira.

9. Parte-hartzaileak

• Kaixomundua.eus lehiaketa Euskal Herriko eskola guztietako DBH, Batxilergo eta lanbide-heziketako ikasleei zuzenduta dago.
• Ikasleek sortu behar dituzte proiektuak, 2-5 laguneko taldeetan, eta irakasle baten tutoretzapean. Irakasle bat talde baten baino gehiagoren tutore izan daiteke.
• Proiektuak ikasleek inskribatu behar dituzte lehiaketan.
• Irakasleek ezin dituzte sortu proiektu digitaleko edukiak, baina, tutore gisa dituzten funtzioak bete behar dituzte, eta taldeari lagundu proiektua garatzen. Halaber, lehiaketari buruzko jarraibideak eman eta azaldu behar dizkiete ikasleei.
• Taldeak lehiaketako arauak betetzen dituela egiaztatu behar du tutoreak, bera baita haren arduradun.
• Talde bakoitzak proiektu bat aurkez dezake gehienez.

10. Kategoriak

Lau kategoria egongo dira:

  • – DBH 1-2ko webgune berri onena
    – DBH 3-4ko webgune berri onena
    – Batxilergoko webgune berri onena
    – Lanbide Heziketako webgune berri onena

11. Sariak

Proiektu irabazleek jasotako sariak parte-hartzaile eta ikastetxeentzat izango dira:

  • Irabazleentzat:
    – Garaikurra kategoria bakoitzeko ikasle, irakasle eta ikastetxe irabazleentzat.
    – Errealitate birtualeko betaurrekoak kategoria bakoitzeko ikasle irabazleentzat.
  • Finalistentzat:
    – Errealitate birtualeko betaurrekoak kategoria bakoitzeko ikasle finalistentzat.
  • Parte-hartzaile guztientzat:
    – Diploma parte hartzen duten ikasle, irakasle eta ikastetxe bakoitzarentzat.

12. Epaimahaia

PUNTUEUSek erabakiko du epaimahaiaren osaera, eta ingurune digitalaren esparruko adituek osatuko dute hau. Aurkeztutako lanak baloratu ahal izateko batzordekideek izan dezaketen gaitasuna hartuko da aintzat batzorde hori eratzerakoan. Era berean, emakume eta gizonen parekotasun irizpidea hartuko da kontuan epaimahaiaren osaeran.

Webgune honen bidez jakinaraziko da nortzuk osatuko duten baloraziorako epaimahaia. Lanak aurkezteko epea amaitzen denean bilduko da epaimahaia.

13. Ebaluatzeko irizpideak

1. Erakargarritasuna
– Proiektuaren edukia erakargarria da haren xede-audientziarentzat.
– Erabilitako baliabideen aniztasuna balioetsiko da: testua, audioa, bideoa, eta abar.
– Webguneko edukia eguneratuta dago.
– Interakziorako aukera.
– Webgunea dinamikoa da, hau da, interakziorako aukera ematen du.
– Webgunea bisualki erakargarria da; letra-tipoa, koloreen konbinazioa, irudien tamaina eta kalitatea eta elementuen antolaketa bat datoz.
– Testuaren irakurgarritasun-maila egokia.

2. Erabilgarritasuna
– Domeinu-izena erraz eta aise gogoratzekoa.
– Nabigatzeko jarraibide argiak. Erabiltzaileak erraz ulertzen du webguneko edukiaren antolaketa eta erraz aurkitu dezake informazioa.
– Irudi ondo konprimatuak eta azkar deskargatzeko modukoak.
– Estekek ondo funtzionatzen dute.
– Webgunea ondo dabil nabigatzaile guztiekin (nahikoa da bi edo hiru nabigatzailerekin frogatzea).
– Gailu-mota guztietara egokitzen da webgunea.
– Estekek ondo funtzionatzen dute.
– Erabiltzaileak erraz ulertzen du zein den webgunearen helburu komunikatiboa.
– Irudietarako testu alternatiboak erabiltzen dira (etiketak eta hitz gakoak).

3. Fidagarritasuna
– Edukia fidagarria eta berariaz sortutakoa da, hau da, erraz identifikatzen da nork ekoitzi duen.
– Webgunearen administratzaileak egiaztatu du edukiak ez dituela urratzen beste pertsona edo erakunde batzuen jabetza intelektualeko eskubideak eta gainera, dagokion herrialdeko legedia betetzen duela ziurtatu du.
– Webgunera sartzen diren bisitariek era seguruan ikusi eta deskargatu dezakete edukia.
– Edukiak datu pertsonalen konfidentzialtasunari buruzko informazio gardena ematen du, eta datuon pribatutasunari eusteko politikaren berri ematen du webguneak.
– Harremanetan jartzeko datuak ematen ditu webguneak.
– SSL ziurtagiria erabiltzen du.

4. Lehiaketaren berezko irizpideak
– Webguneak Creative Commons lizentzia modu egokian erabiltzen du.
– Euskarazko edukiaren zuzentasun ortografiko eta sintaktikoa.
– Proiektuaren garapenean erabilitako teknologiak eta erakutsitako gaitasun teknikoak.
– Babesleen, erregistratzaileen eta lehiaketaren logotipoak ikusgai daude.
– Proiektu erreala izatea: Herriko edo auzoko proiektu bat ikustarazten eta sareratzen laguntzen du.

14. Aldatu edo bertan behera uzteko eskubidea

PUNTUEUSek lehiaketaren epeak luzatu, aldatu edo bertan behera uzteko eskubidea gordetzen du hala behar izanez gero.

15. Oinarriak onartzea

Lehiaketa honetan parte hartzeak esan nahi du lehiatzaile guztiek badutela oinarrien berri eta oso-osorik onartzen dituztela.