Oinarriak

2025-2026 ikasturteko lehiaketaren oinarriak irakurri eta parte hartu.

1. Helburua

Kaixomundua.eus lehiaketaren helburua da webguneak sortzen ikasiz, gaitasun digitalen ezagutza sustatzea eskola-komunitatean. Lehiaketak, gainera, eduki digitalak euskaraz sortzea ere sustatu nahi du.
Ekimenaren xedea da ikasleek webgune erreal bat sortzea praktikan oinarritutako lan motibatzaile baten bidez, aukera izan dezaten kontsumitzaile digital izatetik sortzaile digital izatera pasatzeko. Bestalde, trebakuntza teknologikoa behar duten irakasleen prestakuntza ere indartuko da webgunean bideo-trebakuntza bidez.

2. Gaia

Webgunearen gaia librea da. Ikasleek edo irakasleak proposa dezakete gaia.

3. Proiektu motak

Lehiaketara aurkeztutako proiektuak lehiaketarako berariaz sortutako webgune berriak izango dira.

4. Edukia

– Lehiaketara aurkezten diren webgune guztietako edukia (testua, irudiak, animazioak, musika eta audioa) ikasleek sortua izan behar da, edo, beste norbaitena erreproduzituz gero, egilearen baimena izan behar du, eta iturria aipatu.
– Webguneko eduki publikoa bakarrik ebaluatuko da.
– Sortzen den webguneak Creative Commons lizentzia (lizentzia librea) izan behar du, eta aukeratutako Creative Commons logotipoa erakutsi.
– Webgunearen edukiak euskaraz egon behar du. Webgunearen zuzentasun ortografiko eta sintaktikoari ere balioa emango zaio.
– Sortutako webgunearen orri nagusian, kaixomundua.eus lehiaketaren logotipoa eta haren webgunerako estekak (http://www.kaixomundua.eus) agertu behar dute, bai eta erregistratzailearen logotipoa eta haren webgunerako esteka ere (http://www.dinahosting.com).
– Ez da onartuko gorrotoa, indarkeria edo diskriminazioa bultzatzen duen edukirik, ez eta indarrean den legedia hausten duenik ere.
– Doako baliabide lagungarriak daude kaixomundua.eus webguneko baliabideen atalean.

Webguneak ez baditu betetzen lehiaketaren arauak, antolatzaileek deskalifikatu egin dezakete, eta lehiaketatik kanpo utzi, eta/edo ostatatze-zerbitzua eten eta zerbitzu hori erabiltzen ari den lehiaketako taldea kanporatu.

5. Ezaugarri teknikoak

Kaixomundua.eus lehiaketan parte hartzen duen erregistratzaileak zerbitzu hauek eskainiko dizkie urtebetez doan erabiltzaileei gutxienez proiektu bakoitzarentzat:

  • – .EUS domeinu-izen bat
    – 5 GB-ko web-ostatatzea
    – 50 GB-ko hileko transferentzia
    – PHP5
    – MySQL datu-base bat
    – DNS zerbitzaria
    – DNSaren kudeaketa
    – Posta elektronikoko 3 kontu, 100 MB-koa bakoitza
    – FTP zerbitzari batean sartzeko kontu bat

Webguneak .EUS domeinua erakutsi behar du nabigatzailean, baina ez du egon behar nahitaez ostatatua erregistratzaileak horretarako prestatutako espazioan. Edozein aukera egiten dela ere, erregistratzailearen logotipoak agertu behar du beti webgunean.

6. Lehiaketan izena ematea

Lehiaketan izena emateko epea irailaren 15ean hasiko da eta ez da mugatuko, ikastetxeren batek lehiaketara aurkeztu nahi ezean, kaixoundua proiektuaren baliabideak erabiltzeko aukera izan dezan.

Lehiaketaren izen-ematea helbide honetan egin behar du talde bakoitzak. Horretarako honako informazioa bete beharko da:

  • – Ikastetxearen izena
    – Ikastetxearen herria
    – Maila
    – Irakaslearen izen-abizenak
    – Irakaslearen helbide elektronikoa
    – Harremanetarako helbide elektronikoa
    – Taldekideak

Behin lehiaketan izena emanda, parte-hartzaileek posta elektronikoz jasoko dituzte domeinua erregistratzeko jarraibideak.

7. Lanak aurkeztea

Lehiaketan izena eman duten taldeek, martxoaren 20ko 23:59ak arte izango dute beraien lanak aurkezteko.

Lanak aurkeztea kaixomundua.eus/sartu helbidean egin behar du talde bakoitzak, horretarako sortu duen erabiltzailea erabiliz. Honako informazioa bete beharko da:

  • – Web gunearen domeinu-izena
    – Ikastetxearen izena
    – Taldekideen izenak
    – Proiektuaren deskribapen laburra

Une horretatik aurrera, epaimahaiaren esku geldituko dira webguneak.

8. Ebazpena eta sari-banaketa

Ikasturte amaieran egingo da sari-banaketa jardunaldia eta bertan, talde finalistek beren proiektuak aurkeztuko dituzte eta irabazleak jakinaraziko dira.

9. Parte-hartzaileak

• Kaixomundua.eus lehiaketa Euskal Herriko eskola guztietako DBH, Batxilergo eta lanbide-heziketako ikasleei zuzenduta dago.
• Ikasleek sortu behar dituzte proiektuak, 2-5 laguneko taldeetan, eta irakasle baten tutoretzapean. Irakasle bat talde baten baino gehiagoren tutore izan daiteke.
• Proiektuak ikasleek inskribatu behar dituzte lehiaketan.
• Irakasleek ezin dituzte sortu proiektu digitaleko edukiak, baina, tutore gisa dituzten funtzioak bete behar dituzte, eta taldeari lagundu proiektua garatzen. Halaber, lehiaketari buruzko jarraibideak eman eta azaldu behar dizkiete ikasleei.
• Taldeak lehiaketako arauak betetzen dituela egiaztatu behar du tutoreak, bera baita haren arduradun.
• Talde bakoitzak proiektu bat aurkez dezake gehienez.

10. Kategoriak

Lau kategoria egongo dira:

  • – DBH 1-2ko webgune berri onena
    – DBH 3-4ko webgune berri onena
    – Batxilergoko webgune berri onena
    – Lanbide Heziketako webgune berri onena

11. Sariak

Kategoria bakoitzean proiektu bakarra sarituko da eta proiektu irabazleek jasotako sariak taldeko ikasle bakoitzarentzat izango dira. Saridunek PUNTUEUSen opari sorta eskuratuko dute.

12. Proiektu erreal onenari saria

Kaixo Mundua lehiaketan sortzen diren webguneak proiektu errealen ingurukoak izan daitezen bultzatzeko, proiektu errealik onenari saria sortu da. Proiektu erreal bakarra sarituko da eta saria taldeko ikasle bakoitzarentzat izango da. Saridunek XIAOMI Redmi Watch 5 erloju adimenduna eta PUNTUEUSen opari sorta eskuratuko dituzte. Hemen informazio gehiago.

13. Epaimahaia

PUNTUEUSek erabakiko du epaimahaiaren osaera, eta ingurune digitalaren esparruko adituek osatuko dute hau. Aurkeztutako lanak baloratu ahal izateko batzordekideek izan dezaketen gaitasuna hartuko da aintzat batzorde hori eratzerakoan. Era berean, emakume eta gizonen parekotasun irizpidea hartuko da kontuan epaimahaiaren osaeran.

Webgune honen bidez jakinaraziko da nortzuk osatuko duten baloraziorako epaimahaia. Lanak aurkezteko epea amaitzen denean bilduko da epaimahaia.

14. Ebaluatzeko irizpideak

1. Erakargarritasuna
– Webgunearen diseinua erakargarria da eta egitura argi eta koherentea ditu.
– Webgunean erabiltzen diren tipografiaren, koloreen, irudien eta elementuen konbinazioa egokia da.
– Webgunea interaktiboa eta dinamikoa da.
– Webguneko edukia ulergarria da eta ondo antolatuta dago.
– Webgunean ikus-entzunezko baliabide ezberdinak erabiltzen dira: testua, irudiak, bideoak eta audioak.
– Webguneko edukia berria eta esanguratsua da.

2. Erabilgarritasuna
– Domeinu-izena gogoratzeko erraza da eta webgunearen helburua argi adierazten du.
– Webgunearen nabigazioa intuitiboa eta argia da.
– Estekek ondo funtzionatzen dute eta informazio egokira gidatzen dute erabiltzailea.
– Webgunea ondo dabil nabigatzaile guztiekin (nahikoa da bi edo hiru nabigatzailerekin frogatzea).
– Webgunearen helburua argia eta ulergarria da.
– Webguneko irudiak ondo konprimatuak daude eta azkar kargatzen dira.

3. Fidagarritasuna
– Webguneko informazioa egiaztatua, zehatza eta iturri fidagarrietatik hartutakoa da.
– Webguneko edukia propioa da eta Creative Commons lizentziak egoki erabilita daude.
– Webguneak SSLa erabiltzen du eta segurtasun neurri egokiak ditu.
– Webguneak pribatutasunari eta datuen babesari buruzko informazio egokia eskaintzen du.

4. Lehiaketaren berezko irizpideak
– Euskarazko edukiaren zuzentasun ortografiko eta sintaktikoa egokia da.
– Webguneak teknologia aurreratuak erabiltzen ditu. Webgunea azkarra eta akats teknikorik gabekoa da.
– Babesleen, erregistratzaileen eta lehiaketaren logotipoak era argian ikusgai daude webgunean.

15. Aldatu edo bertan behera uzteko eskubidea

PUNTUEUSek lehiaketaren epeak luzatu, aldatu edo bertan behera uzteko eskubidea gordetzen du hala behar izanez gero.

16. Oinarriak onartzea

Lehiaketa honetan parte hartzeak esan nahi du lehiatzaile guztiek badutela oinarrien berri eta oso-osorik onartzen dituztela.