- Beasain Ikastolako ikasgela bat, Bilboko El Salvado ikastetxeko ‘N.A.I.L’ taldea eta Bergarako Ipintza BHI Institutuko ‘Jan eta dastatu’ taldea izan dira saridunak.
- Eskola-komunitatean gaitasun digitalen ezagutza sustatu eta eduki digitalak euskaraz sortzea ditu helburu lehiaketak.
- Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako 23 ikastetxeetako 1.115 ikasle aurkeztu dira lehiaketara.
Elgoibar, 2022ko maiatzaren 26a- Gaur, maiatzak 26, jazo da PUNTUEUS Fundazioak antolatzen duen Kaixomundua lehiaketako III. edizioaren sari banaketa Azkoitian. Eskola-komunitatean gaitasun digitalen ezagutza sustatu eta eduki digitalak euskaraz sortzea ditu helburu ekimenak. Horrez gain, ikasleak kontsumitzaile digital izatetik sortzaile digital izatera pasatzen dira webgune erreal bat sortuz.
Guztira Euskal Herriko 23 ikastetxetako 1.115 ikasle aurkeztu dira, 141 taldetan banatuta. Proiektuak hiru kategoria desberdinetan banatu dira: lehena, 1. eta 2. DBHko ikasturteko ikasleek osatu dute; bigarrena, DBHko 3. eta 4. mailako ikasleek; azken saria, berriz, batxilergoko ikasleentzat izan da.
Edizio hau berrikuntzekin etorri da, izan ere, aurreko urteetan baino irabazle gehiago egon dira. DBH lehenengo zikloko kategorian Beasain Ikastola gailendu da, baina DBH lehenengo mailako ikasle talde batek irabazi beharrean, ikasgela bateko talde guztiek irabazi dute, hau da, gela-proiektuari eman diote saria. Epaimahaiak aho batez hartu du erabakia eta horren gazteak izateko oso lan ona egin dutela adierazi dute.
DBH bigarren zikloko saria Bilboko El Salvador ikastetxeko ‘N.A.I.L’ taldeak eraman du, abadiabilbao.eus webgunearekin, eta Batxilergoko saria aldiz, Bergarara joan da janetadastatu.eus proiektuarekin.
Ekitaldia Mireia Galrzak gidatu du, beste hainbat pertsonen parte-hartzerekin batera. Horien artean, Josu Waliño, PUNTUEUS Fundazioko zuzendaria eta Ane Iturzaeta, Gladys Sariaren I. edizioko irabazlea eta Kaixomundua proiektuko III. edizioko epaimahaikidea, eta lehiaketako irabazle zein finalistak ere parte hartu dute. Twitch pltamoramaren bidez emititu da sari banaketa eta gonbidatu guztiek online parte hartzeko aukera izan dute. Ikasleak oso pozik agertu dira egindakoarekin.
Erreferenteen lanketa
Aurtengo edizioan, Kaixomundua lehiaketak bat egin du PuntuEUSek eta UPV/EHUko Informatika Fakultateak elkarlanean sustatutako Gladys Sariarekin. Ingurune digitalean ari diren emakume gazte euskaldunak saritu, gazteentzat erreferenteak sortu eta lan hori jendarteratzea du helburu proiektuak, Gladys del Estal informatikaria gogoratzearekin batera.
PUNTUEUSi buruz
PUNTUEUS Fundazioa irabazi-asmorik gabeko erakunde pribatua da, .EUS domeinuaren kontrolaren, administrazioaren eta kudeaketaren ardura duena. Haren egitekoa gizartearen transformazio digitalean euskaratik eragitea da.