- Dagoeneko izena eman daiteke kaixomundua.eus-en laugarren edizioan.
- Edizio berriak ikasleentzako baliabide gehigarriak eskaintzen ditu.
- 30 ikastetxe ezberdinetako 1.115 ikaslerekin itxi zuen iazko ikasturtea kaixomundua.eus-ek.
Aurtengo edizioaren izen-ematea
Kaixomundua.eus webgune lehiaketaren IV. edizioaren izen-ematea zabalik dago. Lehiaketan izena emateko epea irailaren 19an hasiko da eta ez da mugatuko, ikastetxeren batek lehiaketara aurkeztu nahi ezean, Kaixo Mundua hezkuntza proiektuaren baliabideak erabiltzeko aukera izan dezan.
PUNTUEUSek eskola-komunitateari eskaintzen dion hezkuntza-proiektu eta lehiaketa da Kaixomundua.eus. Ekimenaren xedea ikasleek konpetentzia digitalak garatu eta kontsumitzaile digital izatetik sortzaile digital izatera pasatzea da. Horretarako, ikasleek web-proiektu errealak sortuko dituzte ikasturtean zehar.
Irakasle eta ikasleentzat baliabide gehigarriak
Irakasle eta ikasleentzat baliabide guztiak eskaintzen ditu Kaixomundua.eus proiektuak. Eskura daude webgunea nola sortu azaltzen duten bideo-tutorialak. Gainera, aurtengo edizioan zibersegurtasunaren inguruko bideo-tutorial gehigarria eta webguneak sortzeko baliagarriak diren esteken dokumentua ere gehitu dira baliabideen atalera.
Horrez gain, irakasleek eskura dituzte prozesu osoan laguntzeko, testu-ingurua eman eta ebaluatzeko hainbat tresna: Unitate Didaktikoa, ariketak eta Ebaluazio Teknikoa egiteko jarraibideak.
Aurreko edizioak
23 ikastetxe ezberdinetako 141 webgune entregatu zituzten azken edizioan. Bestalde, 1.115 ikaslek hartu zuten parte. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehenengo eta bigarren mailetan, Beasain Ikastolako lehen mailako ikasgela bateko talde guztiak gailendu ziren. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako bigarren zikloan, aldiz, Bilboko El Salvador ikastetxeko abadiabilbao.eus webguneak eskuratu zuen saria. Batxilergoan, Bergarako Ipintza BHIko ikasleak suertatu ziren irabazle janetadastatu.eus webgunearekin.